2007-12-11

Dislexia, tratamendua

Errekuperazio-maila ona lortzeko eta eskolako porrota ekiditeko detekzio goiztiarra da tresnarik oinarrizkoena. Logoterapeutek ondotxo dakite ez daudela bi ume dislexiko berdin. Horregatik, eta behin dislexiaren diagnostikoa finkatu denean, tratamendu pertsonalizatua gomendatzen da, bederatzi urte baino lehen hastea komeni dena, denborak aurrera egin ahala umearen ohiturak eta azturak ere finkatu egiten baitira eta zailtasunak zuzentzea askoz ere zailagoa gertatzen baita.
Dislexia sekula ez da sendatuko erabat baina gaur egun tratamendu egokia aplikatuz asko hobetu eta zuzen daiteke. Ezin da patroi unibertsalik aipatu, kasu bakoitzak bere ñabardura propioak dituelako, baina ia beti mugimenduen koordinazioa eta motrizitatea lantzeko ariketak erabiltzen dira, forma eta hots antzekoak dituzten letrak bereizteko ariketak, lateralitate-arazoak konpontzeko edota ezkerra/eskuinaedo goia/behea bezalako kontzeptuak bereizteko ariketa eta jolasak.
Azken ikerketek baieztatzen duten bezala, hiru ume dislexikotatik bik izaerazko eta portaerazko trastornoak ere eduki ohi dituzte. Familiaren jarrera oso garrantzitsua da. Gertuen dauzkatenek ez badiete laguntzen, bere posibilitate eta aukerak ere zalantzan jarriko dituzte eta segurtasun- eta autoestima-mailak —lehendik ere nahiko ahul zirenak—oraindik ere apalago bilakatuko dira.

Ume dislexikoak beste edozein ume bezain azkarrak dira, baina gauzak beste modu batera ulertzen dituzte. Beren egitura neurologikoa desberdina da baina beren ikaskuntza-prozesuari beldurrik gabe aurre egiteko estrategia eta laguntza berezia eskainiz gero, arazo asko eta asko konpentsatu, errekuperatu eta konpontzeko gai dira.
Dislexia ez da gaixotasun bat hitzaren zentzu hertsian, ikasteko modu desberdina baizik. Eta zailtasun edo diferentzia horiek onartzea gurasoen jarreraren arabera egon ohi da askotan. Hasieran gurasoak umea bezain galduta aurkituko dira, baina pazientzia eduki behar da, umea
ulertzen saiatu eta ez eskatu inoiz haurrari bere ahalegin-mailaren handienarekin lor dezakeena baino gehiago. Argi izan behar dugu dislexia duen haurrak arrakasta izan dezakeela, beste edozein haur batek bezala.

No hay comentarios: