Mostrando entradas con la etiqueta Hezkuntza premia bereziak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Hezkuntza premia bereziak. Mostrar todas las entradas

2007-11-03

Irakasleen esku-hartzea


Oraingo honetan, pedagogia terapeutikoko irakasleen esku- hartzerako irizpide orokorrak jarri nahi dizkizuet. Informazio hau nafarroako orrialde batetik (creena) atarata dago. Hemen, urritasun ezberdinei buruzko informazioa ere aurki dezakezue eta estimulazio goiztiarrari ere bere lekua egiten zaio. Garrantzitsuen iruditu zaidana jarriko dizuet, pedagoga terapeutaren lana zein den argitzeko asmoarekin.

Ikasleen premietara ahalik eta gehien egokitzen diren hezkuntza neurriak hartzea ikastetxeko irakasle guztiei dagokie. Irizpide orokor gisara, esan behar da laguntza espezializatua eman aurretik formula normalizatuak agortu behar direla ikaslearen hezkuntza premiak asetzeko. Orobat, kontuan harturik hezkuntzaren oinarrizko xedea dela pertsonaren gaitasun guztiak, bai fisikoak bai psikikoak, harmoniaz garatzea.
HPBak dituzten ikasleei eman beharreko laguntza haien erreferentziako taldearen barruan edo talde txikietan ematen da, banakako laguntza oso kasu berezietan emanez.
Pedagogia terapeutikoko irakaslea hezkuntza berezian espezializatutako maisu-maistra da.
Ikastetxearen baliabide espezializatua da, ezgaitasun psikikoari, zentzumenekoari edo mugimendukoari nahiz jokabidearen nahaste larriei loturiko HPBak dituzten ikasleei hezkuntza laguntza emateaz, hala nola HPBak dituzten ikasleekin zuzenean lan egiten duten ohiko irakasleei laguntza emateaz arduratzen dena. Hortaz, eginkizun garrantzitsua dagokio ikastetxeko hezkuntza bereziari begira, baina, inola ere, irakasle-tutoreari erantzukizuna kendu gabe.

Irakasle espezialista horien lana Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetako hezkuntzarako laguntza unitateen barruan kokatzen da, bai eta Bigarren Hezkuntzako institutuetako orientazio departamentuen barruan ere.

Haien eginkizuna HPBak dituzten ikasleen integrazioa bultzatzea da eta horretarako ondoko baliabide hauek erabiltzen dituzte:

-lehentasunezko atentzioa, zuzenekoa.
-ikasle horiei egokitutako curriculum-materialen prestaketa.
-ikastetxeko irakasleei aholkua eta laguntza ematea.

Haur eta Lehen Hezkuntzan, pedagogia terapeutikoko irakasleek, beren ikastetxeko eta ikastetxeetako hezkuntzarako laguntza unitateko kideak diren aldetik, hainbat eginkizun betetzen dituzte. Lehen aipatutako orrialdean ikus ditzakezue, eranskinaren C aldeko 1.go puntuan, hain zuzen ere.

2007-10-29

Curriculum egokitzapena

Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, 2. artikuluan, jarraian adierazten den bezala definitzen du hezkuntza-premia berezien kontzeptua:
Haien eskolatzearen aldi batean, edo eskolatze osoan, hezkuntza-laguntza eta arreta espezifikoak behar dituzten ikasleena.

Hemen dituzue hezkuntza premia ezberdinak sailkatuta, horiekin loturiko neurriak ikusi nahi izanez gero bitakora honen amaieran duzue lotura, baina kontuan izan neurri horiek ez direla era isolatuan hartzen, konbinatu ahal dira. Premia desberdinak dauden egoera konplexu asko gertatzen direla kontuan hartuta, ez dago era automatikoan aplikatu ahal den arau finkorik.


a) Ezgaitasun batek eragindako hezkuntza-premiak.
-Ezgaitasun intelektuala eta garapen nahaste orokortua.
-Gorreria eta entzumen-urritasuna
-Ikusmen-urritasuna
-Mugitzeko ezgaitasuna eta hau buru-paralisia.
b) Goi mailako gaitasunek eragindako hezkuntza-premia bereziak.
c) Gizarte eta kultur mailako egoera ahulek edo eskolara egokitzeko jatorri soziokulturaleko arazo larriek eragindako hezkuntza-premia bereziak.
d) Poliki ikasteari eta ikasteko zailtasun handiak izateari lotutako ezgaitasun batek eragindako hezkuntza-premia bereziak, baita etiologia psikiatrikoko portaeraren arazo larriek eragindakoak ere.
e) Ospitalizatzeak eta gaixotasun luzeek eragindako hezkuntza-premia bereziak.

Hezkuntza premia bereziei erantzuna emateko banakako Curriculum Egokitzapen esanguratsua egin beharko dugu, soberan baitakigu haur bakoitza mundu bat dela eta batekin funtzionatzen duen metodologiak ez duela zertan funtzionatu behar bestearekin.
Horretarako, ikaslearekin lan egiten duten profesionalek koordinaturik aritu behar dute. Ildo horretan, hezkuntzarako laguntza unitatean curriculumaren banakako egokitzapenerako dokumentua landu eta idatziko da, eta bertan curriculum proposamen egokia azalduko da, dagokion txosten psikopedagogikoa kontuan harturik.
Era ulergarriago batean esanez, NCEk hezkuntza-premia berezietako ikaslea eskolan eta gizartean errazago integratzea du helburu, dagoen taldeko curriculum arrunta egokitzearen bidez.
Hau egiteko, lau baldintza bete beharko dira:
• Ikasleek ezgaitasun bati lotutako hezkuntza-premia berezi bat izan behar dute.
• Ikaslearen egoera bereziaren larritasuna kontuan hartuta, ez dira nahiko izango neurri arrunt guztiak: curriculuma egokitzea, arlo edo irakasgaiko programazioa, hezkuntza-errefortzua, urtebete baino gehiago ematea kurtso edo ziklo batean, etab..
• Curriculum-alde nabarmen bat izan beharko du ikaslearen curriculumak.
• Neurriak apartekoa izan behar du eta, hortaz, ikastetxearen beraren autonomia eta eskuduntzak gainditu behar ditu.

Banakako esku-hartzeko programa ere aipatu beharrekoa da. Hori egitea ikaslearen zuzeneko ardura duten irakasleei dagokie, eta programa prestatzeko abiapuntutzat hartuko dituzte Curriculumaren banakako egokitzapena eta ikasgelako urteko programa. Bestela esateko, ikasgelako programazioa ikasle jakin bati egokitzea da. Banakako esku-hartzeko programa honetan lehentasunezko jarduera motak zehaztuko dira, eta eginkizunen arduraduna nor den adieraziko. Ikaslea laguntzako gelara joaten bada, banakako esku-hartzeko programan ezarriko da zein jarduera egiten diren ohiko ikasgelan eta zein laguntzakoan. Behar den koherentzia bermatzeko, irakasleek koordinaturik lan eginen dute.
Alderdi gehiago ere hartu behar ditugu kontuan, hori dela eta
orrialde honetara jotzea gomendatzen dizuet informazio gehiago lortzeko. Batez ere, azken orrialdeetako orientabideak interes handikoak izan daitezke irakasleontzako.